Zorionez, azken urteetan gero eta gehiago lotzen da elikadura osasunarekin (plazer-iturri ere badela ahaztu gabe). Hala ere, ez da hain ezaguna elikadurak gure eboluzioan izan duen garrantzia. Izan ere, gaur egun gizaki bezala gauden lekura heltzeko (egungo munduaren egoera orokorraz gaur ez naiz hausnartuko), gure arbasoek milaka urtez izan duten elikadura-ereduak funtsezko papera izan du.
Denbora luzez, jateko moduak ez du soilik gure gorputza elikatu: gure garuna moldatu, gure metabolismoa egokitu eta gure sistema immunologikoa baldintzatu du. Testu honen bidez, elikadurak gizakiaren historian izan duen eragina laburki aztertzen saiatuko naiz, Australopithecus-etik Homo sapiens-era arte gertatu diren dieta-aldaketak ulertzeko.

Australopithecus-etik Homo sapiens-era: elikaduran funtsezko aldaketak
1. Belarjale izatetik orojale izatera, salto kualitatiboa
Hasierako hominidoak, Australopithecus afarensis kasu, belarjaleak ziren eta batez ere fruituak, hostoak eta tuberkuluez elikatzen ziren. Duela 2,5 milioi urte inguru, Homo generoa agertu eta elikagaiak prozesatzeko tresnak garatzearekin batera, elikadura-eredu hori nabarmen aldatu zen. Animali jatorriko elikagaiak kontsumitzen hasteak inpaktu nabarmena izan zuen proto-gizaki haiengan:
Inpaktu ebolutiboa:
- Animali jatorriko elikagaien kontsumoak kaloria eta nutriente gehiago ekarri zituen, hala nola burdina eta gantzak.
- Energia gehigarri horrek garunaren hazkundea ahalbidetu zuen (nerbio sistemak energia asko kontsumitzen du). Giza garunaren bolumena hirukoiztu egin zen: 400 cm³ ingurutik 1.300 cm³-ra.
Erreferentzia: Fish, J. 2003. eta Luca, F. 2014.
2. Gantzen eta elikagai sukaldatuen garrantzia
Suaren erabilera, duela 1,8 milioi urte inguru, mugarri bat izan zen giza eboluzioan. Alde batetik, sukaldatzeak patogenoak gutxitzen ditu. Ondorioz, gaixotasun gutxiago. Bestetik, sukaldatutako elikagaiak hobeto digeritzen dira eta nutrienteak biologikoki erabilgarriago bilakatzen ditu, hau da, hobeto absorbitzen dira.
Inpaktu ebolutiboa:
- Elikagai egosiak digeritzeko energia gutxiago behar da; energia hori garunera bideratu daiteke.
- Animalia-jatorriko gantzek papera funtsezkoa izan zuten mielinaren garapenean, neuronen transmisioa azkartuz. Mielina neuronen axoiak babesten dituen estaldura edo gaineko kapa da (Esklerosi multiplean kaltetuta dagoena, esate baterako).
Erreferentzia: Wrangham R, 2009. eta Wrangham (2009) 📘 Catching Fire: How Cooking Made Us Human
3. Itsasoko produktuen garrantzia garunaren garapenean
Eboluzioari buruz gutxitan aipatzen den baina funtsezkoa den beste elementu bat arrainak eta itsaskiak izan zuten papera da. Elikagai hauek omega-3 gantz azidoetan, iodoan, zinkan, selenioan eta bestelako mikronutrienteetan aberatsak dira, eta oinarrizkoak izan ziren garunaren hazkundean. Pazienteei sarri aipatzen diek itsasoko produktuen garrantzia eta gainerako elikagaien gainetik lehenestea aholkatzen diet.
Inpaktu ebolutiboa:
- Omega-3 gantz azidoek, bereziki DHAk, neuronen mintzen egituran eta funtzioan ezinbestekoak dira.
- Iodoak, itsas jatorriko elikagaietan ugaria, tiroidearen funtzionamendu egokia bermatzen du, metabolismo eta garun-garapenarentzat giltzarria dena.
- Zinka neurogenesiaren, zelulen komunikazioaren eta sistema inmunearen funtzionamendu egokirako oinarrizkoa da.
- Selenioak, antioxidatzaile indartsua denak, garuna estres oxidatiboaren aurka babesten du eta oreka hormonala sustatzen du.
- Zink, selenio eta D bitaminaren gabeziek immunitate-arazoekin lotura zuzena dute, mantenugai hauek funtsezkoak baitira erantzun immunologikoa egoki erregulatzeko.
- Itsaso edo lakuen inguruan bizi ziren populazioek etengabeko sarbidea zuten mantenugai hauetara, eta horrek garunaren hazkundea azkartzea ahalbidetu zuen.
Erreferentzia: Cunnane, S. 2003. eta Broadhurst, C.L. 1998
4. Nekazaritza: aldaketa erabakigarria
Duela 10.000 urte inguru, neolitoan, gizakiak ehiztari-biltzaile izatetik nekazari izatera igaro ziren. Horrek dieta aldatu zuen. Elikadura aberatsa eta sasoikoa izatetik, elikadura basikoago eta pobreago batera pasa zen gizakia. Ordura arte ezezagunak ziren elikagaiek presentzia irabazi zuten: zerealak, lekaleak eta esnekiak nagusitu ziren.
- Abantailak:
- Nekazaritzak elikagai iturri egonkorra bermatu zuen eta gizarte konplexuagoak sortzea ahalbidetu zuen.
- Desabantailak:
- Nutriente gutxiagoko dietaren ondorioz gizakien altuena jeitsi zen (hau da, txikiagoak bihurtu ginen) eta mikronutrienteen gabeziaren ondoriozko gaixotasunak azaldu ziren, adibidez, anemia ferropenikoa (burdin faltagatik).
- Glutenaren eta zerealen eragina: zenbait proteinek —bereziki glutenak— hesteetako iragazkortasuna(gaztelerazko “permeabilidad”) handitu dezakete. Zergatik gertatzen da hau? Glutena proteina oso handi bat da, aminoazido kate oso luze bat. Gizakiaren liseriketa aparatuak, ugaztuna den heinean, ez du “artazirik” kate luze horiek mozteko. Ondorioz, glutena ezin dugu ondo digeritu. Hau ez da zeliakoetan bakarrik gertatzen (zeliakia gaixotasun autoinmune bat da), baizik eta norbanako guztietan, neurri handiago edo txikiago batean, sintomak izan ala ez. Glutenaren kontsumoak zonulina igotzen du. Zonulina hesteetan dagoen proteina bat, bertako zelulen arteko loturak moldatzeko gai dena, permeabilitatea areagotuz. Horrela,toxinak edo antigenoak odolera igaro daitezke, inflamazio sistemikoa eta gaixotasun autoimmuneak eraginez. Kontuz, beraz, glutenarekin.
Erreferentzia: Fasano A, 2012. eta Mummert. A. 2011.
Elikadura modernoa vs arbasoen elikadura
Bizitza modernoak gaixotasunera garamatza. Hamaika faktore daude baieztapen honen atzetik, baina testu honetan elikaduraz ari naizenez, gai horretara mugatuko naiz. Hona hemen gure arbasoen zituzten ohituretako batzuk (guk berreskuratu beharko genituzkeenak):
- Elikadura-aniztasuna: arbasoek elikagai ugari eta desberdinak hautatzen zituzten: barazkiak, frutak, tuberkuluak, fruitu lehorrak, ehizako haragia eta itsasoko elikagaiak. Aniztasun horrek ahalbidetzen du beharrezkoak diren nutriente guztiak modu aproposean jasotzea. Hori ez bada horrela gertatzen, defizitak azaltzen dira.
- Elikagai natural eta ez-prozesatuak: gure eboluzioaren zati handienean, elikagaiak freskoak eta naturalak izan dira.Gaur egun, dieta modernoa produktu prozesatuetan oinarritzen da.
- Karbohidrato gutxiago eta hobeak: neolitoan zereala gure elikaduraren oinarri bihurtu aurretik, gure arbaso ehiztari-biltzaileek karbohidrato gutxiago kontsumitzen zuten, urteko sasoiaren arabera (udan gehiago, neguan gutxiago). Kontutan hartu behar da karbohidratoen funtzio nagusia energetikoa dela (hormonala ere bai, batez ere emakumeen kasuan). Gaur egungo gehiegizko kontsumoa, bereziki hidratu refinatuena, obesitatea eta diabetesaren lotzen da.
- Gantz osasungarrien garrantzia: koipeek funtsezko papera izan dute gizakiaren eboluzioan, eta gaur egun ere ezinbestekoak dira garunaren eta hormonaren funtzionamendurako.
Elikadura, osasun indibidual eta kolektiborako tresna
Elikadura ez da soilik bizirik irauteko modu bat; gure espeziearen eboluzioan eragin zuzena izan duen faktore nagusietako bat izan da. Gure arbasoek zer eta nola jaten zuten ulertzeak gaur egungo osasun-arazo asko beste ikuspegi batetik interpretatzeko aukera ematen digu.
Azken finean, gure elikadura-ohiturek gure fisiologian duten eragina ulertzea lagungarria izan daiteke egunerokoan erabaki kontzienteagoak hartzeko, gure osasuna zaindu nahi badugu behintzat.
Espero dut testu hau interesgarria iruditu izana. Baliagarria izan bada, partekatu zure senide edo lagunen artean.
Besarkada bat!